ZURE ESKUETAN
Itaka-Eskolapioen aurtengo elkartasun-kanpainan, ilusioz betetako erronka berriari aurre egingo diogu: gure begiradek eta ahaleginek Kongoko Errepublika Demokratikoa izango dute helburu. Herrialde hori Afrikako bihotzean dago kokatuta, eta kontinentearen indarraren, aberastasunaren zein ametsen adierazgarri onenetakoa da, arazo eta bidegabekeria larriak ere jasaten dituen arren.
Eskolapioak orain dela gutxi iritsi ziren Kongoko Errepublika Demokratikora, 2014an, hain zuzen ere. Calasanzek hasitako misio hezigarri, sozial eta pastorala munduko bazter horretara eramatea zuten helburu, behar-beharrezkoa zen-eta. Hasiera batean euren agerpena oso txikia izan zen arren (Kinshasako hiriburuan eta Kikonkan), fruitu handiak emango zituen, eta herrialdeko beste leku batzuetara hedatuko zen. Gaur egun, KEDeko eskolapioak Erdialdeko Afrikako probintzia eskolapioaren parte dira, Kamerunekin, Ekuatore Ginearekin eta Gabonekin batera. Herrialde horietan, gainera, hazkuntza-dinamika bizi dute misioan, eta Itaka-Eskolapioak Fundazioa ere aspalditik dago bertan, prozesu horretan laguntzeko eta hainbat proiektu sustatzeko.
Hori guztiori dela eta, une honetan bultzada solidario handi-handia eman behar zaio Kongoko misioari, eta kanpaina hau horretarako aukera paregabea da. Eskolapioek herrialde horretan honezkero garatzen duten lan handia eman nahi dugu jakitera, baita etorkizunean lan horren hazkuntzarako dituzten planak ere. Hori lortzeko, ordea, lan eskerga horren ardurakideak garela sentitzen dugunon laguntza behar dute.
Eskolapioek Kongoko Errepublika Demokratikoan duten misioa oso-oso testuinguru latzean garatzen da, bertako ezegonkortasun politikoa handia delako eta txirotasunean bizi diren biztanle gehienek gabezia larriak dituztelako oraindik. Horrexegatik ere bada hain garrantzitsua bertan garatzen den lana. Oso gogoan hartu behar dugu KED bera giza garapen txikiena duten herrialdeen artean dagoela (189 postutatik, 176.ean dago). Beraz, ezin mingarriagoa da ikustea herrialdeko baliabide natural ezin ugariagoak bertako jendearen onurarako ez direla, guztiz kontrakoa baizik: haien ondorioz, desberdintasuna handiagoa da, bidegabeko esplotazioa da nagusi, gatazka sozialak daude, herrialdetik kanpoko interes boteretsuek gerrak suspertzen dituzte…
Dena dela, zorionez, Kongoko EDeko errealitatea ez da negatibotasun-irudi horretara mugatzen: herrialdeak ahalmen kultural eta giza ahalmen handiak dituenez, badauka etorkizun hobea lortzerik, eta, batez ere, hezkuntzaren laguntzaz eratu behar du hori. Munduari irakatsi eta eskaini ahal dion guztiaren adierazgarri, bertako musikaren erritmoa hartuko dugu, lengoaia horrek erraz-erraz gainditzen dituelako mugak eta elkarren arteko, herrien arteko harremanak ezartzen laguntzen digulako. Musikak, beraz, zeresan handia izango du kanpaina honetan, eta Kongoko erritmoekin “nahastuko gaitu” Itaka-Eskolapioak Fundazioan.
Ikasturte honetako leloak dioenez, elkartasun-kanpainak ZURE ESKUETAN (gure esku) jarriko ditu eskolapioen misioak Kongoko EDen dituen erronkak eta premiak, baita bertan gure proiektuetako benetako protagonistak diren hainbat eta hainbat neska-mutil eta gazteren ametsak ere. Horrela, Itaka-Eskolapioak sare osoaren partaidetzari eta elkartasunari esker, eurek eta euren herrialdeak merezi duten etorkizuna eduki ahal izango dute euren esku.