Kanpainak

2. HELBURUA: LEHEN IRAKASKUNTZA UNIBERTSALA LORTZEA

Hezkuntzak behar besteko aukerak eskaintzen dizkie gizakiei, nolako bizimodua izan nahi duten kontuan hartuta. Hezkuntzari esker, konfiantzaz adierazteko aukera dute euren harremanetan, erkidegoan eta lanean. Edonola ere, lehen irakaskuntzako eskoletara joateko adina daukaten 61 milioi neska-mutilek bertara joaterik ez dutenez, ezin dute giza eskubide hori erabili. Gehienetan, familia txiroetako umeak dira, eta, sarritan, euren amek ere ez dute inolako hezkuntza formalik jaso.

Ahalmenaren galera horrek eragin handia dauka umeen artean, baina ez bakarrik euren artean. Hezkuntzak eta, batez ere, nesken hezkuntzak onura sozial eta ekonomiko handiak eskaintzen dizkio gizarte osoari. Hezkuntza jaso dutenean, emakumeek aukera ekonomiko gehiago dituzte, eta bete-betean parte hartzen dute bizimodu publikoan. Amak direnean, gainera, seme-alaba gutxiago dituzte baina osasuntsuagoak. Beraz, eskolara joateko aukera gehiago izango dituzte.

Milurteko garapenerako bigarren helburua lortzeko, are ahalegin handiagoa egin behar da arlo horretan Sahara Azpitiko Afrikan, Asiako hegoaldean eta Ozeanian. Eskualde horietan, munduaren gaineratikoan bezala, matrikulen kopurua gehitzen den neurrian, beste jarduera batzuk ere garatu beharko dira, ume batek ere eskola utzi ez dezan eta ume guztiek kalitateko hezkuntza jaso dezaten.

Hezkuntza ez da helburu bat gehiago, gainerako MGH betetzeko ezinbesteko baldintza baizik. Funtsezko faktorea da, txirotasuna gainditzeko eta sistema demokratikoak indartzeko.

Hori guztiori dela eta, gure ustez, ikasturte honetako elkartasun-kanpainaren leloa, “HEZKUNTZAK ETORKIZUNA UGALTZEN DU”, indarrean dago gaur egun, XVI. mendean Erroman egon zen bezala, Santa Dorotea parrokian Calasanzek Europako doako lehen herri-eskola ireki zuenean.

Munduko helburu horren errealitateari buruz gehiago jakiteko, sakatu hemen: lehen hezkuntza unibertsala lortzea.