ITAKA-ESKOLAPIOAK FUNDAZIOA ETA MUNDUKO “TRASTEVEREETAN” DAUKAN AGERPENA
Munduko mila milioitik gora lagun bizi dira eremu baztertuetan, eta gehienak herrialde txiroetan bizi diren 25 urtetik beherako bizilagunak dira. Euren bizitzan, eskubide oinarrizkoenak ere ez dituzte, eta, askotan, euren egoera hobetzeko moduko kalitateko hezkuntza eskuratzeko itxaropenik ere ez daukate.
1597ko udaberrian, José de Calasanzek Trasteveren bertan behera utzitako ume txiroen deia entzun zuen. Bertan, Erromako txiroenen artean, parrokia bateko sakristian sortu zuen “Europako doako lehenengo herri-eskola”.
Laurenetik gora urte geroago, eskolapiook leialtasunez eutsi diogu Calasanzen karismari, eta herrialde txiroetan egoera txarrenean dauden eremuetan lan egiten jarraitzen dugu. Trastevereko Santa Dorotea eskola bezala, hezkuntza eta gizarte zentroak, eskolak eta lanbide heziketako zentroak herri xume eta ahul askoren bihotza eta bizia dira.
Hona hemen Itaka-Eskolapioak Fundazioak Kamerunen, Bolivian, Indian, Venezuelan… garatzen dituen proiektuak eta herrialde horietako auzoetako errealitatea:
KAMERUN
Kamerunen garatzen duen jardueraren bidez, Itaka-Eskolapioak Fundazioak lehen irakaskuntzako eskolen sareari laguntzen dio Bafia, Bamenda eta Bamendjouko hirietan.
Bafian, Quartier Résidentiel auzoan, umeentzako jantokia daukan eskola dago kokatuta, eta 9.000 inguru lagun bizi dira bertan. Bertako biztanle asko eta asko umeak dira, gainera (%37 inguru). Auzo hori hiritik kanpo dago, orain dela gutxira arte basoa zen tokian, hain zuzen ere. Auzokoek biziraupenerako nekazaritza dute bizibide, eta oso etxe gutxiren eraikuntza da sendoa. Maila ekonomikoa oso urria denez, ikasleentzat oso zaila da eskolan aurrera egitea, umeek eurek baliabide gutxi-gutxi eta ikasketa-baldintza urri-urriak dituztelako. Izan ere, gehienetan, adreiluz edo adobez egindako gela bakarreko etxeetan bizi dira, eta ez dute ez argindarrik ez urik.
Bamendako hirian, Itaka-Eskolapioak Fundazioak kudeatutako hiru eskola eta eskola-jantoki daude kokatuta: Futru, Mbelem eta Menteh. Bertako biztanle gehienak oso habitat sakabanatuan bizi dira hiriko eremu mugakideetan, eta baratze txikiak ereiten dituzte. Eremu horretako familiek zailtasun handiak dituzte hainbeste seme-alabari jaten emateko. Seme-alaba nagusiek familiako zereginetan laguntzen dute, eta beti ez dute egunez egun beharrezkoa den elikadura lortzen, familiako eta eskolako betebeharretarako ahalegin fisikoari eta intelektualari aurre egiteko.
Bamendjouko biztanle gehienek biziraupenerako nekazaritza dute bizibide. Zenbait indizeren arabera, gainera, bizilagunen %50 baino gehiago langabezian daude, eta emakumeak laneratzeko prozesua hutsaren hurrengoa da ia-ia. Testuinguru horretan, Itaka-Eskolapioak Fundazioak lehen hezkuntzako sei eskola eta eskolapioek zuzendutako eskola-jantokiak kudeatzen ditu: Bamendjou, Toba, Latsit, Mboum, Toumi eta Ndang.
BRASIL
Itaka-Eskolapioak Fundazioa Brasilgo hiru hiritan dago: Governador Valadares, Belo Horizonte eta Serra. Bertan, hiru hezkuntza eta gizarte zentro kudeatzen ditu, hain zuzen ere.
Governador Valadaresen, zentroa Santa Helena auzo jendetsuan dago kokatuta, eta, bertan, txirotasuna nahiz ezegonkortasun ekonomikoa dira nagusi. Horren adierazgarri, ume eta gazteen bizimodua ezin latzagoa da benetan.
Belo Horizonteko udalerriko São Paulo-Goiâniako eskualde txikian, Itaka-Eskolapioak Fundazioak Brasilgo hezkuntza eta gizarte arloko beste zentro bat kudeatzen du. Egoera txarrenean dauden auzoetan sakabanatutako lokal ugaritan garatutako lana metatzeko eta biderkatzeko eraiki zen zentro hori. Bertan, hain zuzen ere, kultura, prestakuntza, aisialdi eta gizarte-laguntzarako jarduerak garatzen dira honako ezaugarri bereizgarri hauek dituen inguruneko biztanleentzat: txirotasuna, analfabetismoa, umeen lana eta toxikomania-arazo asko.
Serrako hiriko zentroak Feu Rosako eta Vila Nova de Colareseko barrutietako bizilagunei ematen die zerbitzua, eta, bertan, indarkeria zein txirotasun ikaragarria dira nagusi. Auzo horiek herrixketako eta Victoriako hiriko auzo baztertuetako biztanleak lekualdatzean sortu dira.
VENEZUELA
Impacto, El Trompillo eta La Lucha Valencia, Barquisimeto eta Carorako hirietako hiru auzo jendetsu dira, eta Itaka-Eskolapioak Fundazioak bertan lan egiten du.
Impacto auzoan, Valenciako hiriko hegoaldeko La Lomako sektorean, Itaka-Eskolapioak Fundazioak hezkuntza-premia bereziak dituzten adingabeentzako hezkuntza-proiektua jarri du abian. Hiriko industrializazioagatik sortutako immigrazioaren ondorioz, auzo horretako bizi-baldintzak ezin latzagoak dira, osasunaren edo hezkuntzaren arloko oinarrizko zerbitzurik ez dagoelako.
El Trompillo auzoa Barquisimetoko hiriko periferian dago kokatuta, hiriko iparraldeko ingurabidearen alboan. Amerika Latinoko hiri handien inguruan dauden txirotasun-gerrikoen barruan dago lekuratuta. Auzoa landa-inguruneko etorkinen inbasioen ondorioz sortu da, eta 12.000 inguru bizilagun dituzten lau sektoretan dago banatuta. Auzo horretan, Itaka-Eskolapioak Fundazioak lizeoa kudeatzen du, bigarren hezkuntzako instituziorik ez dagoela arintzeko.
Carorako hiriko premia sozio ekonomiko handienak dituzten sektoreetako batean, La Lucha auzoan, Calasanz zentro bateratuko proiektua garatzen da. Erkidegoa bera oinarrizko zerbitzurik ez daukan eremuan dago kokatuta, eta bertako etxebizitzen %70 lataz eginda daude, ezegonkorrak dira eta ez dira batere seguruak. Bertako bizilagun gehienak, gainera, 15 eta 25 urte artekoak dira, eta oso ohikoa da amak txirotasun gorrienean dauden guraso bakarreko familiez arduratzea.
INDIA
Kamdako herrian, 10.000 inguru biztanle bizi dira, eta Itaka-Eskolapioak Fundazioak eskola bat eta barnetegi bat kudeatzen ditu bertan. Herriko etxeak txiki-txikiak dira, oso urrun daude euren artean eta “Tolia” eratzen dute. Hau da, landa-inguruneko auzo txikiak dira, eta oso-oso zaila da bertara iristea, euren arteko komunikazio-bide gehienak oihana eta lur malkartsuak zeharkatzen dituzten bidezidorrak dira-eta. Eremu osoan, “munda” herriko kideak diren familiak bizi dira. Indiako tribu ugarietakoa da, eta, modu generikoan, “adibasiak” direla esan ohi da. Mendeetan zehar, isolatuta eta baztertuta bizi izan dira, baliabide gutxi-gutxi dituzte eta euren batez besteko diru-sarrerak eguneko 0,73 eurokoak dira. Gehienetan, gainera, txirotasun gorrienean bizi dira: argindarrik gabe, instalazio hidraulikorik gabe edo gasik gabe. Oro har, etxeko zorua lurrezkoa da; hormak, adobezkoak; eta teilatuak, adobe zein lastozkoak.
BOLIVIA
Bolivian, Itaka-Eskolapioak Fundazioak hezkuntzaren arloko atentzioa eskaintzen du Andeetako landa-inguruneko hiru eremu hondatuenetan.
Anzaldoko udalerrian 10.000 inguru biztanle bizi dira (hirigunean, 12.000 biztanle baino gehixeago daude), eta Itaka-Eskolapioak Fundazioak bertako eskola, umeentzako jantokia eta barnetegia ditu ardurapean. Udalerriko biztanleen erdiak ia-ia adingabeak direla kontuan hartuta, baliabide horiek kalitateko hezkuntza bermatu nahi diete gutxien dutenei. Zenbait indizeri erreparatuz gero (desnutrizioa, diru-sarrerak, heriotza-tasa edo analfabetismoa), Sahara Azpiko Afrikakoen antzeko mailetan dago udalerri hori.
Uncia Potosiko departamentuko udalerria da, 25.000 lagun baino gehiago bizi dira bertan eta lur-zati txikietan biziraupenerako garatutako nekazaritza nahiz artzaintza dituzte bizibide nagusi. Batez ere, artoa zein patatak ereiten dituzte, baina euren ekoizpen-mailak urriak bezain gorabeheratsuak dira, sakabanatuta daudelako eta euriak irregularrak direlako. Hain zuzen ere, herrialdeko udalerri txiroenetakoa da, eta, Boliviako udal giza garapenaren azken indizearen arabera, 282. postuan dago (314 daudela kontuan hartuta). Errealitate horretan, Itaka-Eskolapioak Fundazioak barnetegia kudeatzen du, udalerritik urrun bizi diren ume txiroenei kalitateko hezkuntza bermatzeko asmoz.
Cocapata 3.000 metrotik gorako altitudean dago kokatuta. Udalerrian dauden eskolari eta barnetegiari esker, herritik urrun bizi diren neska-mutilei ematen zaie hezkuntza, 5 ordutik gorako ibilaldiak egin behar dituztelako oinez. Bertako ekonomiako jarduera nagusia biziraupenerako nekazaritza eta abeltzaintza direnez, udalerria 294. postuan dago (314 daudela kontuan hartuta), hau da, herrialdeko udal giza garapenaren indizean adierazitako udalerrien zerrendaren amaieran dago ia-ia.
BESTE ERREALITATE BATZUK
Gineako hiriburua den Bataren inguruan, Ekobenam auzoan, eskolapioetako lehen eta bigarren hezkuntzako eskola dago kokatuta. Gineako hiriburuko auzo xume horretan lan egiten hasi zenean, Itaka-Eskolapioak Fundazioak ikastetxea handiagotzea izan zuen helburu. Ekobenam auzoko hazkuntza handi-handia da, langabezia-tasa handia dute bertan eta eskolaratzeko adina duten ume askok ez dute inolako hezkuntza-eskaintzarik.
Dominikar Errepublikan, era guztietako jarduerak garatzen dituzte eskolapioek. Cucama, Cumayasa, Villareal, Brisas del Mar, María Trinidad Sánchez edo La Puya auzo periferikoetan, zentro bateratuak, liburutegiak, osasun-zentroak eta parrokiak dituzte, umeen eta gazteen hezkuntza integrala bermatu ahal izateko.
Nikaraguan, Leongo hiriko Sutiaba auzoan, indigenak oso-oso baldintza ezegonkorretan bizi dira, eta Eskolapioen Ordenak ikastetxea nahiz zentro kulturala kudeatzen ditu bertan, egoera txarragoan dauden umeen hezkuntza-zeregina sustatzeko eta indartzeko.