2012-2013ko ITAKA-ESKOLAPIOAK FUNDAZIOKO ELKARTASUN-KANPAINA
1597. urtea: San José de Calasanzek Europako doako lehen herri-eskola ireki zuen Erromako Trastevere auzoan, ordura arte inork hezi ez zituen umeei atentzioa eta etorkizuna eskaintzeko.
2000. urtea: Nazio Batuen Erakundeak milurteko garapenerako helburuak onartu zituen, eta, euren artean, “lehen irakaskuntza unibertsala lortzeko” 2. helburua dago. Izan ere, honako xede honetan dago zehaztuta: 2015erako, edozein lekutako umeak, neskak zein mutilak, lehen irakaskuntzako ziklo osoa egiteko gai izango direla bermatzea.
Orain dela 400etik gora urte, horixe bera izan zen Calasanzen proiektu handia (eskolarik gabeko umerik ez egotea). Hori dela eta, eskola jainkotiarrak sortu zituen, eta munduaren zati handi batera hedatu zen lanari eman zion hasiera. Gaur egun ere, gizakien erronka handietakoa da oraindik.
Horren aurka zeudenen aurrean txiroen hezkuntza defendatzeko asmoz, José de Calasanzek 1621eko memorial ospetsuan adierazi zuen bezala, umeak eta gazteak heztea zerbitzu “duinena da, nobleena, meritu handienekoa, onuragarriena, erabilgarriena, beharrezkoena, naturalena, zentzuzkoena, atseginena, erakargarriena eta loriatsuena”.
Inolako zalantzarik gabe, hezkuntza giza garapenaren oinarria da, pertsonen eta herrien etorkizuna eratzeko harria da-eta. Are gehiago, Calasanzek berak antzeman zuen bezala, hezkuntza bera tresna onena eta sendoena da, gizartea zein mundua eraldatzeko eta justizia nahiz bakea sustatzeko.
Nolanahi ere, azken urteotan urratsak eman badira ere, gaur egun ere konpondu gabe dagoen arazoa da guztientzako hezkuntza. Horrez gain, UNESCOk argitaratu berri dituen txostenen arabera, badirudi eskolaratzeko prozesuan lortutako aurrerapausoek bultzada galdu dutela azken urteotan. Oraindik ere, munduko 61 milioi neska-mutilek ez dute eskolaratzeko inolako aukerarik. Beste asko (200 milioi, gutxi gorabehera) eskolaratu egin badira ere, ez dituzte oinarrizko trebetasunak bereganatu, jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatea ezin txarragoa delako.
Gaur egun, eskola jainkotiarrek inoiz baino erantzukizun handiagoa dute guztientzako kalitateko hezkuntza bermatzeko erronka globalean. Hori dela eta, euren ezaugarri bereizgarriei eta konpromisoari eusten diote, Calasanzek egin zuen bezala hezkuntza bera premia handieneko lekuetara eraman ahal izateko.
Gaur egun, 189 eskola eta ikastetxe eskolapio daude mundu zabalean, eta 125.000 ikasle dituzte. Ikastetxe eta eskola horietako asko Afrikako, Asiako eta Amerikako herrialdeetan daude, eta eskola jainkotiarrak herri-erkidego horietara iritsi dira, oro har txiroak diren biztanleen hezkuntza-premiei erantzuna emateko. Ordura arte, hain zuzen ere, neska-mutil horientzat oso-oso zaila zen oinarrizko hezkuntza jasotzea, euren ingurunean nahikoa eskolarik ez zegoelako edo euren familiek eskolaratzeagatiko kostuari aurre egiterik ez zeukatelako.
Errealitate horietan, eskola jainkotiarrek egoera txarragoan dauden bizilagunentzako hezkuntza-ekintzak abian jarri eta bultzatu egin dituzte, eta tokian-tokian egindako ahaleginari zein beste leku batzuetatik iritsitako elkartasunari esker egiten dute aurrera.
Eskolapioen hezkuntza-ekintza handi horren barruan, Itaka-Eskolapioak Fundazioa elkartasun-sarea da, eta eskolak zein hezkuntza-proiektuak jartzen ditu harremanetan zenbait herrialdetan. Horretarako, oso-oso kontuan hartzen du ume edo gazte guztiek kalitateko hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela eta asmo hori egia bihurtzeko elkartasunak mugarik eduki ezin duela.
Gaur egun, Itaka-Eskolapioak Fundazioak Kamerun, Bolivia eta Indiako eskolei laguntzen die. Horrez gain, gizarte eta hezkuntza arloko programak ere baditu Brasil, Venezuela, Nikaragua, Dominikar Errepublika eta Espainiako biztanle txiro eta zaurgarrientzat.
Ikasturte honetako elkartasun-kanpainaren bidez, aurrerapausoa eman nahi dugu munduko hezkuntzaren alde hartu dugun konpromisoan. Horretarako, eskola jainkotiarrak eta, batez ere, gabezia handienak dauzkaten lekuetako errealitatea hurbildu nahi dugu, bertako hezkuntza-lana beharrezkoa bezain pozgarria da-eta.
Era berean, Itaka-Eskolapioak sarearen bitartez, geure elkartasuna bideratu nahi dugu beste herrialde batzuetan behar dituzten hezkuntza-proiektuetarantz. Izan ere, proiektu horien bidez, apurka-apurka, helburu handi hori egia bihurtu ahal izango da: eskolarik gabeko umerik ez daukan mundua.
Argi dugu, Itaka-Eskolapioak babestuz, denok batera bizitzak eta mundua eralda ditzakegu.