ZUGATIK, ZUREKIN HEZITUZ
Itaka-Eskolapioak Fundazioko 2013-2014ko Elkartasun Kanpaina
“Haurtzarotik bertatik, umeak Pietatean eta Letretan behar bezala inplikatzen badira, zentzuzkoa da esatea euren bizitza osoa zoriontsua izango dela”.
S. José de Calasanz (Eskolapioen Eraketak, 1622)
Sortu zirenetik, eskolapioek pertsona guztiei eta, batez ere, egoera txarragoan dauden umeei hezkuntza eskuratzeko aukera ematea izan dute helburu eta ahalegin nagusi.
1597. urtean, San José de Calasanzek Europako doako lehenengo herri-eskola sortu zuen Erromako Trasteveren. Era berean, bere sasoirako iraultzailea zen honako hauxe ere sustatu zuen: jende guztiari hezkuntza integrala eskaintzea, bizitza duin bezain osoa garatu ahal izateko. Horrez gain, Calasanzek ziurtasun batekin lotu zuen bere hezkuntza-bokazioa: gizartea eraldatzeko orduan hezkuntzak botere ikaragarria zeukanez, funtsezkoa zen mundu hobea eratu ahal izateko.
Gaur egun, lautik gora menderen ostean, hezkuntzaren garrantziaren inguruko proposamenak onartu dira oro har, baina oraindik ere jende guztiarentzako hezkuntza lortzea konpondu gabeko arazoa da gizakientzat.
Azken urteotan aurrerapausoak eman diren arren, Nazio Batuek Milurteko Garapenaren Helburuei buruz eskaini dituzten datu ofizialak kontuan hartuta, ageri-agerikoa da 2015erako ez dela lehen irakaskuntza unibertsala lortzeko helburua beteko, lehen irakaskuntza jasotzeko adina duten 57 milioi ume ez daudelako eskolaratuta. Bestetik, umeak eskolaratzea funtsezkoa bada ere, lehen urratsa baino ez da. Horrez gain, oinarrizko beste elementu batzuk ere hartu behar dira kontuan; esate baterako, eskolan bertan jarraitzea (aurreikuspenen arabera, eskolaratutako lau umetatik batek gutxienez eskola utziko du lehen irakaskuntza amaitu baino lehen) eta irakaskuntzak umeei beharrezkoa irakasteko besteko kalitaterik daukan ala ez zehaztea.
2013an egindako “Hezkuntzak bizitza eraldatzen du” txostenean, UNESCOk behin eta berriro nabarmentzen du Calsanzen hitzen oihartzuna gogora dakarkigun ideia: “hezkuntzak bizitza hoberanzko bideko etapa bakoitza argiztatzen du, baina, batez ere, txiroena eta zaurgarrienena”. Hezkuntza giza garapenaren zutabe ordezkaezina da. Izan ere, pertsonen iritziak eta gaitasunak osatzeko prozesua da, funtsezko eginkizunak betetzen ditu-eta. Lehenengo eta behin, oinarrizko jakintzak eta trebetasunak eskuratzeko aukera ematen die pertsona guztiei. Horren ondorioz, bizitza bera aldatu egiten da, eta zenbait hobekuntza gertatzen dira arlo materialetan nahiz inmaterialetan: enplegua eta ongizate ekonomikoa lortzeko aukerak, osasuna, berdintasuna, pertsonen arteko tolerantzia eta ingurumenaren zainketa.
Halaber, hezkuntza bera funtsezkoa da, gizaki bakoitzaren dohainak eta talentua ezagutzeko bidean. Izan ere, giltzarria da pertsonen, gizartearen eta herrien garapen osoari begira. Inolako zalantzarik gabe, Calasanzek hori guztia irakurtzen jakin zuen bere garaiko errealitatetik.
Ikasturte honetako elkartasun-kanpainaren bidez, Itaka-Eskolapioak Fundazioa betiko moduan ahaleginduko da, mundu txiroko hainbat lekutara kalitateko hezkuntza eraman ahal izateko. Konpromiso horretan, gainera, eskolapioak ditugu bidelagun, eta, Erromako Trastevere hartan bezala, hezkuntza-premia handieneko lekuetara doaz oraindik ere.
Dena dela, ezin dugu pentsatu jende guztiarentzako hezkuntza lortzea instituzioen edo aparteko pertsonen zeregina bakarrik dela. Guztiok ekarpen asko egin ditzakegu arlo horretan, geure dohainetan (hezkuntzari buruz garatutakoak) eta geure konpromisoan oinarrituta. Horren adierazgarri da Itaka-Eskolapioak Fundazioko elkartasun-sarearen bidez garatutako lankidetza. Hain zuzen ere, bertako boluntarioei, bazkideei eta laguntzaileei esker, eskolapioen hezkuntza-xederako funtsezko babesa lortzen dugu urterik urte.
Hori dela eta, kanpaina honen bidez, honako hauxe adierazi nahi diegu mundu txirotuko neska-mutil edo gazte guztiei: ZUREKIN GAUDE, hezkuntzaren bitartez etorkizun hoberanzko bidean laguntzeko.
Era berean, honako hauxe esan nahi diegu Itaka-Eskolapioak Fundazioko inguruneko pertsona guztiei eta ikastetxe parte-hartzaile guztiei: zu gabe, ez dugu geure hezkuntza-xedea betetzerik. Beraz, ZUGATIK ETA ZUREKIN HEZITUZ.