“Hezkuntzaren bidez bizitza ugarituz” kanpaina gogoratzen
Iaz, “Hezkuntzaren bidez bizitza ugarituz” elkartasun-kanpainaren bidez, aurrerapausoa eman nahi izan genuen munduan hezkuntzaren alde hartu dugun konpromisoan. Bete-betean lan egiten dugu, eskolapioen helburu diren lekuetako eta, batez ere, gabezia handienak dituztenen errealitatea hurbiltzeko asmoz, bertan behar-beharrezkoa delako hezkuntzaren arloko lana garatzea. Berriro ere, Itaka-Eskolapioak Fundazioko sarearen bitartez bideratzen dugu geure elkartasuna, eta, batik bat, beste herrialde batzuetan premia handi-handia duten proiektuak ditugu xede. Proiektu horiei esker, hain zuzen ere, gero eta egiazkoagoa da honako helburu handi hau: eskolarik gabeko umerik ez daukan mundua sustatzea.
Lehenengo aldiz, eskolapioetako barruti espainiarreko bi probintziatako ikastetxeek parte hartzen zuten kanpaina berean: EMAUS eta BETANIA. Lelo bakarra, zenbait material, web esteka bat… hogeita hamar ikastetxetako 27.000 ikaslerentzat. Aragoiko, Asturiaseko, Kanarietako, Kantabriako, Gaztela Mantxako, Gaztela Leongo, Valentziako Erkidegoko, Galiziako, Madrileko, Nafarroako eta Euskadiko hogeita zazpi hiri eta herritan, “Hezkuntzaren bidez bizitza ugarituz” lelodun arkatza egon zen eskuragarri.
Ikasgeletan lan egitean, argi eta garbi ikusi genuen hezkuntza eskuratzean “bizitza hoberanzko bideko etapa bakoitza argiztatzen dela, baina, batez ere, txiroena eta zaurgarrienena” (UNESCOren “Hezkuntzak bizitza eraldatzen du” txostena).
Gure hezkuntza-ingurunea ona denean, sarritan ahazten zaigu zer izan daitekeen aukera hori ez edukitzea, inoiz horrelako egoerari aurre egin behar izan ez diogulako. UNESCOk egindako eta aurreko ahapaldian aipatutako txostenean adierazten den bezala, “milurteko garapenaren helburuak lortzeko orduan hezkuntzak daukan botere paregabea bene-benetakoa izan dadin, berdintasunez jokatu beharra dago. Hori dela eta, ahalegin handia egin behar da, ume eta gazte guztiek hezkuntzaren eraldaketa-ahalmenaren onurak eskuratzeko aukera izan dezaten (euren familien diru-sarrerak, bizilekua, sexua, etnia edo ustezko elbarritasuna edonolakoak direla ere). Hezkuntzak neskatilei eta, batez ere, neska gazteei behar besteko tresnak ematen dizkienez, aukera gehiago dituzte, lana lortzeko, osasun onari eusteko eta gizartean bete-betean parte hartzeko. Aldi berean, euren seme-alaben bizitza osasungarriak ere hobera egiten du”.
“Hezkuntzak badu zer esanik” eta “Nolakoa da zure eskola?” programen bidez, Landry, Eugenio edo Leticia neska-mutilak ezagutu ahal izan genituen. Urrunak bezain gureak diren herrialdeetakoak dira (India, Kamerun, Bolivia, Venezuela edo Dominikar Errepublika), eta, egunero-egunero, hain funtsezkoa den hezkuntzarako eskubidearen alde borrokatzen dira.
Kanpainaren sinboloa zen arkatzarekin argazkiak ateratzean, eskolapioetako ikastetxeak, hiriak eta herrialdeak senidetu genituen. Horrez gain, bermatutako hezkuntza dutenen elkartasuna ere adierazi ahal izan genien egunez egun horren alde borrokatu behar direnei. Elkartasun horren adierazgarri, besteak beste, 160.000 euro baino gehiago bidali ziren (122.000 euro Itaka-Eskolapioak Fundazioaren bitartez bideratu ziren; eta 38.000 euro, FUNESOren bidez), eskolapioekin lan egiten duten bederatzi herrialdetako hezkuntza-proiektuak atenditzeko: Bolivia, Kamerun, India, Venezuela, Dominikar Errepublika, Nikaragua, Costa Rica, Ginea eta Gabon.