BIDAIDE programa Bizkaiko Foru Aldundiaren gazte-estrategiaren barruan sartzen da, eta, zehazki, babes-sistema utzi eta helduentzako erreferentzia-figura egonkorrik ez duten 18 eta 23 urte bitarteko gazteen emantzipazio-prozesuei laguntzeko eguneko zerbitzu batean egituratzen da.
Hitzartutako programa eguneko zerbitzu bat da, Gizarteratzeko Zerbitzuaren erabiltzaile diren gazteen gizarteratze-premiei erantzuteko. Zerbitzu horrek hainbat prestazio tekniko eskaintzen dizkie gazteei, balio anitzekoak, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzera edo arintzera eta emantzipazio-prozesuei laguntzera bideratuak, eta banakako laguntza eskaintzen die gizarteratzeko ibilbidean.
Erreferentziazko esparru fisikoa da, eta hortik bideratuko da gazteekin esku hartzea. Gazteei beharrezko prestazio teknikoak emango zaizkie, une bakoitzean hautemandako edo diagnostikatutako premien arabera behar dituzten laguntzekin.
Alde horretatik, zerbitzua ez da soilik erabiltzaileek eguna igarotzeko espazio fisiko gisa ulertzen; aitzitik, aukera ematen du erabiltzaileekin esku hartzeko, zentroaren egituratik harago eta ohiko testuinguruan.
Eguneko zerbitzuan esku-hartze prozesuak garatuko dira ingurune komunitarioan dauden gazteekin, bai modu independentean bizitzen ari direnekin, bai beste testuinguru batean daudenekin.
Aurrekoarekin lotuta, ez da eguneko zerbitzua egoitza-zerbitzuen erabiltzaile diren gazteen prozesuei laguntzeko egituratzat hartzen, zerbitzu horiek bizitza autonomora igaro aurretik bereizteko fasean izan ezik.
Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiaren gazteei arreta emateko estrategiaren barruan dago. Estrategia hori gizarteratzearen arloan esku hartzeko prozedura espezializatua arautzen duen maiatzaren 21eko 59/2019 Foru Dekretuaren 46. artikuluan eta hurrengoetan dago jasota.
Programak honako prestazio tekniko hauek eskaintzen ditu, betiere parte hartzen duen gazte bakoitzaren beharretara egokituta:
• Gizarte-laguntza
• Esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala
• Bitartekotza eta bitartekotza komunitate-, familia- eta bizikidetza-ingurunearekin
• Lan-bitartekaritza
• Segimenduaren balorazioa
• Bizitza independenteko prozesuetarako laguntza, arreta pertsonalerako eta etxerako prestazio teknikoak aurreikusiz
Beren esku-hartzearen ezaugarriei dagokienez, balioa gehitzen diote erantzukizun publikoko zerbitzuen hornidurari, pertsonei arreta bat eskainiz:
a) pertsonalizatua, zerbitzuak, zerbitzu beraren barruko esku-hartzeak eta hainbat zerbitzutatik egindako esku-hartze osoa pertsona bakoitzaren beharretara eta haren bilakaerara egokituz.
b) integrala, hainbat zerbitzu konbinatuz eta erantzukizun publikoko eremu edo sistema bat baino gehiago har ditzakeen gizarte-laguntzako funtzio bat bere gain hartuz.
c) jarraitua, premien bilakaerari aurrea hartuz eta erantzunak berrituz.
Programak 2022ko maiatzetik eskaintzen du zerbitzua. Intentsitate baxuko eta ertaineko 25 plaza ditu gehienez.





