Kanpainak

ELKARTASUN-KANPAINAN BABESTUTAKO ESKOLAPIOEN HEZKUNTZA-PROIEKTUAK

proyectos

Eskolapioen misioak hezkuntzaren bitartez eraldatzen du mundua, eta, batez ere, kalitateko hezkuntza bermatzen die eskolaratzeko zailtasun handienak dituztenei.

Itaka-Eskolapioak Elkartasun Sareak zenbait herrialdetako eskolak eta hezkuntza-proiektuak lotzen ditu, ume edo gazte guztiek kalitateko hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela sinesten duelako bete-betean. Era berean, bene-benetan uste du elkartasunak mugarik eduki behar ez duela eta zailtasun handienak dituztenen aldeko borroka areagotu behar dela.

Inolako zalantzarik gabe, hezkuntza giza garapenaren zutabe ordezkaezina da. Etorkizuneko helduak izango diren umeen aukerak eta gaitasunak handitzen ditu, jakintzak nahiz trebetasunak eskaintzen ditu eta, horrela, bizitzako faktore materialak nahiz inmaterialak aldatzen ditu. Bestetik, enplegurako eta ongizaterako aukerak sortzen ditu; osasuna, berdintasuna eta pertsonen arteko tolerantzia sustatzen ditu; eta ingurumenarekiko errespetua hobetzen du.

Oro har, helduok umeen premiei aurre egiteko eskola-proiektuak bultzatzen ditugu, baina umeei lar entzun gabe.

Askotan, helduok eta adingabeek ez dugu mundua modu berean ikusten, mundu-ikuskera horiek osagarriak badira ere. Helduontzat zaila izan daitekeena errazagoa izan liteke gazteagoentzat. Helduontzat hutsaren hurrengoa dena oso-oso garrantzitsua izan daiteke umeentzat.

Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioko 12. artikuluan argi eta garbi adierazten denez, euren artean eragina duten egoerei buruz galdetu behar zaie neska-mutilei, eta, horrez gain, euren iritziak ere hartu behar dira kontuan.

Ikasturte honetako elkartasun-kanpainaren bidez, beste aurrerapauso bat eman nahi dugu munduko hezkuntzaren alde hartu dugun konpromisoan. Horretarako, kalitateko lehen hezkuntza lortzen lagundu nahi dugu, ume guztien etorkizuna hobea izango dela bermatu ahal izateko. Prozesu horretan, gainera, askotan inork kontuan hartzen ez dituenei eman nahi diegu hitza.

Helduon bizi-ikuskerak ez du inolako zerikusirik umeen bizi-ikuskerarekin. Entzun egin behar diegu, hau da, umeek zuzen-zuzenean azaldu behar digute zein diren euren premiak, ilusioak, ametsak. Egoera txarragoan dauden herrialdeetako neska-mutilek eurek erakutsi behar digute zein den euren hezkuntzaren errealitatea.

Eskolapioek beste herrialde batzuetako premia handiei aurre egiteko ezarritako programak ezagutu behar ditugu bertan ikasten duten adingabeen begien bidez. Horrez gain, geure elkartasuna bideratu behar dugu proiektu horietarantz, euren bitartez apurka-apurka egia bihurtu ahal izango delako helburu handi hori: munduan eskolarik gabeko umerik ez egotea.

Testuinguru horretan, 2014-2015eko ikasturtean babestuko diren proiektuak aurkeztuko dizkizuegu ondoren.

LEHEN HEZKUNTZAKO ESKOLAK

Kamerun

Eskolapioek hamar eskola dituzte Itaka-Eskolapioak Sarean.

  • Bamendjoun, lehen hezkuntzako sei eskola sakabanatu daude, eta, gutxi gorabehera, 1.700 neska-mutilek ikasten dute bertan. Honako hauxe eskaintzen dute eskola horiek: eskola-jantokia; besteak beste, informatikako, ingeleseko edo gaztelaniako ikastaroak ematen dituen zentro kulturala; eta 180 heldu eta, batez ere, emakumeak alfabetatzeko programa.
  • Bamendan, lehen hezkuntzako hiru eskola kudeatzen dira, eta 700 ikaslek baino gehixeagok ikasten dute bertan. Hiru eskolek jantokia dute, baita honako zentro hauek ere: nekazaritzarako lanbide-heziketa ez-formaleko zentroa; eskolako materiala, janaria eta oinarrizko produktuak prezio merkeetan eskaintzen dituen eskola-kooperatiba; liburutegia eta informatikako ikastaroak dituen zentro kulturala; eta 90 emakume alfabetatzeko programa.
  • Bafian, lehen hezkuntzako eskola bat dago, eta 730 neska-mutilek baino gehiagok ikasten dute bertan. Eskola-jantokia dauka, baita honako hauxe eskaintzen duen zentro kulturala ere: hizkuntzen, informatikaren eta emakumeen sustapenaren arloko ikastaroak eta gazteentzako astialdi-jarduerak.

Ekuatore Ginea

Ekuatore Gineako erdialde-hegoaldeko probintziako Akurenameko hirian, eskolapioek 25 urte baino gehiago daramatzate lanean, bertako neska-mutilek kalitateko eta doako hezkuntza eduki dezaten.

Bertako familia askorentzat luxua da boligrafoa erosteko 50 franko lortzea (euro-zentimo bat baino gutxiago) edo sendagaiak erosi ahal izatea. Hori dela eta, baieztatu egin dezakegu gure ikasle guztiak biziraupen-mailan bizi direla.

India

2011. urtearen amaieran, Itaka-Eskolapioak Fundazioa Jharkhandeko Estatuko Kamdako eskolaren kudeaketan laguntzen hasi zen. Hamar mila biztanleko herri txiki eta basotsu horretan, “Calasanz Ashram” eskola dago, eta 515 ikasle ditu.

Bolivia

Boliviako Andeetan, 3.500etik gora metroko altueran, Itaka-Eskolapioak Fundazioak bi eskola kudeatzen ditu Anzaldoko eta Cocapatako udalerrietan.

  • Anzaldo azalera geografiko handiko udalerria da (642 km2), eta 3.000tik gora metroko altueran dago kokatuta. San José de Calasanz ikastetxeak 20 urte baino gehiago daramatza eskolapioen ardurapean, eta, gutxi gorabehera, 800 neska-mutilek ikasten dute bertan.
  • Cocapatako ikastetxean, 300 neska-mutilek ikasten dute. Udalerria 3.150 metroko altueratik gora kokatuta dago, hiri hurbilenetik 5 ordura ia-ia (Cochabamba), eta bertako bideak zeharkaezinak dira euriteetan.

BARNETEGIAK

Ekuatore Ginea

Akonibeko hiria Welé-Nzaseko probintzian dago kokatuta Ekuatore Gineako hego-ekialdean, eta 2.000 lagun baino gehixeago bizi dira bertan.

Badira 25 urte baino gehixeago eskolapioak Akoniben daudela, eta, harrezkero, hainbat gazte igaro dira herrialde osoan oso ospetsua den barnetegitik.

India

Kamda herri txikia da, eta bata bestetik oso urrun dauden etxeak ditu osagai, baita batez beste eskolatik 30 km-ra dauden hirigune txikiak ere.

Herrian bertan eskolara atxikita dagoen barnetegiari esker, handik lau ordura edo gehiagotara bizi diren berrogeita hamar umek euren hezkuntza dute bermatuta.

Indonesia

2013ko apirilean, eskolapioek euren lehenengo erkidegoa eratu zuten Indonesian, Mendebaldeko Timorreko Atambuako hirian, hain zuzen ere. Landa-inguruneetako ume eta nerabe asko Atambuako hirira joaten dira ikasten. Eskolapioek gazte horien jarraipena bermatu nahi dutenez, hirian bertan barnetegia jarriko dute abian.

Bolivia

Ordenarekin batera, Itaka-Eskolapioak Fundazioak landa-inguruneko hiru barnetegi kudeatzen ditu, eskoletatik urrun-urrun bizi diren ehunka neska-mutilen hezkuntza bermatzeko. Hiru barnetegiei esker, nesken eskolako matrikulazio-tasak hobetzen dira, familiek ez dutelako alabek hain distantzia luzeak bakarrik egitea nahi.

  • Anzaldoko barnetegiak hogei urte daramatza abian, eta, ikasturte honetan, 196 neska-mutilek ikasten dute bertan. Izan ere, eskolaren eta ikasle gehienen etxeen artean zeuden distantziak luzeak zirenez, egiaztatu egin zen adingabe askok ikasteari uzten ziotela edo eskolari nahi besteko onurarik atera ezin ziotela.
  • Cocapatako eskolatik hurbilen dauden erkidegoak handik 5 ordura bizi dira. Askotan, zenbait ibai edo 4.000tik gora metroko altuerako gailur garaiak zeharkatu behar dituztenez, ageri-agerikoa da premiazkoa dela barnetegia edukitzea. Bertan, 180 neska-mutil daude ikasturte honetan.
  • Barnetegia Morocomarcako erkidegoan dago kokatuta, 4.000 metroko altuerara ia-ia, eta bertako klima hotza da urte osoan, baina, batez ere, gauetan. Barnetegi hori behar-beharrezkoa da, premiazkoa delako eskolatik urrun-urrun dauden erkidego sakabanatuetako 160 adingaberen hezkuntza bermatzea.

 

NESKA-MUTILEN HEZKUNTZAREN ERREALITATEAN ERAGINA DUTEN ESKOLAPIOEN BESTE PROIEKTU BATZUK

Gizarte eta kultura arloko zentroak

Itaka-Eskolapioak Fundazioak eta Eskolapioen Ordenak gizarte eta kultura arloko zentro ugari kudeatzen dituzte Brasilen, Kamerunen, Nikaraguan, Dominikar Errepublikan edo Venezuelan, honako arlo hauetako programen bidez neska-mutilen hezkuntza-jarraipena sustatu eta osatzeko asmoz: eskolako indargarria, aisialdia, astialdia, helduen alfabetizazioa edo prestakuntzarako tailerrak, besteak beste.