ZATOZ IKUSTERA, DENON ERREALITATEA
Orain dela bi urte, geure uste sendoa baieztatu genuen Itaka-Eskolapioak Fundazioko elkartasun-kanpainan: “hezkuntzak etorkizuna biderkatzen du”, alegia. Horren bidez, egiaztatu egin genuen hezkuntza ezinbestekoa dela gizakien garapen integralean eta premiazkoa dela eskolarik gabeko neska-mutilik ez egotea. Iazko ikasturtean, “Zugatik, zurekin heziz” lelopean, norberaren dohainei buruzko azterketa sakona egin genuen. Dohain horiek, hain zuzen ere, hezkuntzaren bidez garatzen dira, eta gainerakoen zerbitzura jarri behar ditugu.
Ikasturte honetan, hezkuntzak eraldaketarako daukan indarrean sakontzen jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, hobeto ezagutuko dugu eskolapioek nola sustatzen duten kalitateko hezkuntza integral bezain irisgarria mundu txiroko hainbat eta hainbat lekutan. Leku horietan, Calasanzen garaiko Trastevere erromatarrean bezala, gehienetan txiroak diren ume eta gazteen etorkizuna bultzatzen duen hezkuntza behar dute.
Errealitate horietan, gabeziak daude, bai, baina hainbat gaitasun, balioak, sormena… ere bai; eta, batik bat, hezkuntzaren bitartez aurrera egiteko gogo bizia. Hori dela eta, eskolapioen misioaren balio handia gogorarazi eta berretsi egiten dute.
San José de Calasanzek inspiratutako hezkuntza-zereginak umeak eta gazteak ditu helburu nagusi: funtsezko orientazio horren arabera, euren erabateko garapena eta zoriontasuna lortzea da jardun osoaren xede nagusia. Ume eta gazteen zeresan nagusi hori hezkuntza-ekintza osoan hartu beharra dago kontuan, eta, ezer baino lehen, errealitatera hurbiltzeko aukeratutako modua ere bai. Errealitateari umeen begiez begiratzeko eskatzen digu Calasanzek, baina batez ere, ume txiroen begiez.
Elkartasun-kanpaina honetan, ikuspegi hori jorratzen saiatuko gara, hain zuzen ere. Horrela, ikuspegi horren bitartez, gaur egungo munduko “trastevereetara” hurbilduko gara, bertan dauden eskolapioen eta Itaka-Eskolapioak Sarearen eskutik.
Calasanzek esango lukeen bezala, hezkuntza-zeregina integrala izan dadin, “beheratu” egin behar gara, txikienei eta ahulenei argia emateko. Errealitateari begi horiez, “beheragoko” posizio horretatik begiratuz gero, bertatik ikusten diren premiei erantzun ahal izango diegu: beldurrak baretzea, ilusioak suspertzea, ametsak egia bihurtzea…
Calasanzen intuizio hori ere bat dator gaur egungo munduan hezkuntzaren nahiz umeen defentsaren arloan sustatzen ari diren indar-ideiekin. Hau da, neska-mutilak ezin dira euren onurarako garatutako ekintzetako hartzaile hutsak izan. Horrez gain, mundu hobearen eraketako eragile aktiboak eta protagonistak ere izan behar dira neska-mutilak. Izan ere, horixe bera adierazten da Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioan, neska-mutilek euren errealitateari buruz daukaten iritzia entzun behar dela eta euren adinaren zein heldutasunaren arabera kontuan hartu behar direla azaltzen denean.
Hori guztiori dela eta, 2014-2015eko elkartasun-kanpaina jarri dugu abian, “Zatoz ikustera, denon errealitatea” lelopean. Itaka-Eskolapioak Fundazioarekin lan egiten duten leku guztietan jorratu nahi dugu geure munduko errealitateen inguruko begirada bakun, sakon eta konprometitu hori. Hartara, aurton ere, sareko elkartasun-korronte handia lortu ahal izango dugu, premia handieneko lekuetan eta Malala neska gazteak esandakoa (2014ko Bakearen Nobel Saria) gehien sentitzen duten tokietan eskolapioen hezkuntza-zeregina babesteko: “ume batek, irakasle batek, arkatz batek eta liburu batek badute mundua aldatzerik”, alegia.