ASRAMA. ELKARTASUN-KANPAINAREN BIDEZ SUSTATUTAKO PROIEKTU ESKOLAPIOA
Eskolapioak orain dela bi urte iritsi ziren Indonesiara, 2013. urtean, hain zuzen ere, eta Atambuako hirian finkatu ziren, herrialdeko errealitatea ezagutzeko eta, apurka-apurka, haien premiak zein ziren eta zer ekintza zehatz garatu zitezkeen ikusteko.
Epealdi horretan, inguruko ikastetxeekin lan egin dugu, eta hezkuntza ez-formalerako proiektu eskolapioa jarri dugu abian, auzoko neska-mutilei ingeleseko klaseak emateko eta aisialdirako nahiz astialdirako jarduerak garatzeko. Epealdi horretan, Atambuako hezkuntza-sarea ezagutu eta beste erakunde eta barnetegi batzuekin ezarri ahal izan ditugu harremanak. Bertan, hain zuzen ere, herri hurbiletako edo Ekialdeko Timorko nerabeak bizi dira hirira ikastera doazenean.
Errealitatea aldez aurretik ezagutzeko aukera izan dugunez, barnetegia eraikitzeko erabakia hartzea izan da eskolapioek Indonesian garatutako zeregin nagusietakoa. Premia handikoa da, inguruko herrietako mutil asko Atambuara joan behar direlako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egitera eta, horren ondorioz, oso bide luzea egin behar dutelako ikasten jarraitzeko. Atambuan barneko ikasleentzako lekurik ez dagoenez, askok ikasteari uzten diote. Mutilentzako asrama (barnetegia) da, lekaimeek neskentzat zuzendutako asrametan ikasten jarraitzeko aukera dutelako neskatilek.
Hartara, asrama eraikitzean, gazte askok hezkuntza eskuratzeko aukera izango dute, eta ez dituzte euren ikasketak bertan behera utzi beharko Bigarren Hezkuntzara heltzean. Barnetegiko erabiltzaileak 12-15 urteko ehun mutil izango dira, eta, Bigarren Hezkuntzako ikasleak badira ere, baliteke etorkizunean Batxilergoko ikasleak ere hartzea. Gazte horiek Beluko eta Malakako landa-inguruneetakoak izango dira, batez ere, bertako gazteak sarritan lekualdatu behar direlako Bigarren Hezkuntzako nahiz Batxilergoko ikasketak egin nahi dituztenean, haien hirietan Lehen Hezkuntzako eskolak bakarrik daudelako edo haien bizilekuetako eskolak kalitatekoak ez direlako.
INDONESIAKO ATAMBUAKO GIZARTE ETA HEZKUNTZA TESTUINGURUA
Indonesia, modu ofizialean, Indonesiako Errepublika, uharteko herrialdea da, eta Asiako hego-ekialdearen zein Ozeaniaren artean dago kokatuta. 2.000.000 km2 baino gehixeagoko azaleran 252 milioi lagun bizi direnez, munduko laugarren herrialde jendetsuena da.
Indonesia Nazio Batuen Erakundeak egindako Giza Garapenaren Indizeko[1] sailkapeneko 108. postuan dago kokatuta, eta 0,68ko balioa dauka. Bertako bizi-itxaropena 68,8 urtekoa da, eta biztanleen %16 txirotasun-atalasearen azpitik daude, hau da, eguneko 1,25 dolar baino gutxiago dituzte bizitzeko (2014ko PNUDeko eta Munduko Bankuko datuak).
Gutxi gorabehera, Indonesiako biztanle aktiboen %55ek nekazaritzan dihardute, etxalde txikietako jabe moduan edo beste ustiategi batzuetako eguneko soldatako langile moduan. Hori dela eta, biziraupenerako laborantza da haien bizibide nagusia.
Atambua Timor uhartean dago kokatuta, eta Indonesiako Nusa Tenggara Timurreko probintziako Beluko barrutiko hiriburua da.
Atambua Timor, Rote, Sabu eta Flores tribuetako etnia anitzeko hiria da, eta, horrez gain, Txinako gutxiengo etnikoa eta Ambon uharteko etorkinak ere badaude bertan. 75.199 lagun bizi dira bertan (37.244 gizon eta 37.955 emakume). Mendebaldeko Timorren dago kokatuta, eta Ekialdeko Timorko errefuxiatuentzako harrera-guneetakoa da 1999ko independentziaren ostean.
Atambuako biztanle gehienak erlijio katolikokoak dira (%95), eta errespetu handiz bizi dira beste erlijioekin.
ATAMBUAKO HEZKUNTZA
Beluko barrutiko hiriburua Atambua da, eta, bertan, Lehen Hezkuntzako 127 eskola eta Bigarren Hezkuntzako 367 eskola daude. Eskolaratzeko adinean dauden biztanleen kopurua kontuan hartuta (6-18 urte), 128.361 ume eta gazte daude (65.703 gizon eta 62.658 emakume). 7-12 urteko adin-tartean, %95 doaz eskolara, baina, adinean aurrera egin ahala, ehunekoak behera egiten du (13-15 urtekoan, %83; eta, 16-18 urtekoan, %63).
Atambuan, 26.000 ume eta gazte baino gehixeago daude eskolaratzeko adinean, eta, euretatik, %58 baino ez doaz udalerrian sakabanatuta dauden hogeita eta hamalau ikastetxeetako batera.
Hirian, hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako hogeita bost eskola daude (14 publiko eta 11 pribatu), eta, guztira, 11.640 ikasle doaz bertara. Kopuru hori, ostera, ikaragarri jaisten da Bigarren Hezkuntzan, 3.523 ikasle artatzen dituzten bederatzi ikastetxe baino ez daude-eta (5 publiko eta 4 pribatu).
ASRAMA
Asramak landa-inguruneetako gazte askok Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiteko aukera daukatela bermatzea du helburu, ikasketak utzi ez ditzaten. Barnetegian bertan, prestakuntza integrala eskainiko da, eta prestakuntza kulturala dimentsio etiko eta erlijiosoarekin harmoniaz lantzea ere izango da xedea. Arratsaldean, eskola-orduez kanpo, ordea, kirola egiteko jarduerak eskainiko dira, eta barneko ikasleen prestakuntza ere indartuko da honako ikasgai hauetan: ingelesa, informatika edo musika, besteak beste.
Finkako eta barnetegiko eremuak eta lokalak hiriko beste ume eta nerabe batzuek ere erabili ahal izango dituzte, nahiz eta barnetegian bizi ez. Horrela, ahalik eta jende-kopuru handienak atera ahal izango dio onura hezkuntzako proiektuari, ingurunera begira egongo da eremua eta erkidegoak berak parte hartu ahal izango du proiektuan.
Antolakuntzaren zein ekonomiaren arloko zailtasunak daudenez, inguruan ikasleei jaten ematen ez dieten hainbat asrama dauden arren, Atambuan abian jarritako proiektuan jatekoa eskaintzea erabaki genuen eskolapiook. Izan ere, inguruko nutrizio urriaren arazoari erantzuna ematea da helburua, osasunean nahiz errendimendu akademikoan dituelako ondorioak.
Barnetegiaren kokagunea den lursail zabalean, barazkiak, frutak zein ortuariak ereingo dira, eta animaliak ere zainduko dira (oilaskoak eta txerriak, batez ere). Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi txiki horrek barnetegiko sostengua eta elikadura eskaintzea xede izango duenez, funtzionamenduaren kostua merkatuko da, eta jasangarritasuna ere sustatuko da. Barnetegiko prestakuntza integralaren atal bat lursaileko lanean txandaka lan egitea izango da. Modu berean, ikasleek sukaldeko zereginetan, etxeko garbiketan eta arropen ikuzketan ere lagunduko dute, gure ustez hezkuntza-balio garrantzitsua da-eta.
[1]Nazio Batuen Erakundeak sortutako adierazle sozial honek hiru parametro estatistiko ebaluatzen ditu: bizitza luze bezain osasungarria, hezkuntza eta bizi-maila duina.